Hariak,
gurasoen hariak,
halabeharren hariak,
norbere gorputzaren hariak,
behaztopatzeko modu luzeak,
hariak.
Lotzen zaituzten hariak,
maitasun luzeak bezalako hariak.
Titerearen modukoak,
batzuetan atezuan, besteetan lasaieran,
edo korapilatzen.
Eta horrela bizi,
hariekin, hariak egokitzen,
hariei kasu egiten,
harien kontra tiraka,
harien gatibu.
Eman dezagun berrogei urtez horrela.
Eta bat batean ohartu ezetz,
eguzkiaren edo ilargiaren errainuak bezalakoak direla,
eta ez zaituztela lotzen,
azkenean, ez duzula haririk.
Ariane ( Katamalo - Joseba Sarrionandia)